IRAGANA ETA ORAINA, IRUDIA IBILGAILU GISA Argazkia / irudi digitala
Abartzuzan iraganeko eta oraineko begiradak batzen dira hango jendearen nortasuna islatzen duen obran

Landarte 2019k Abartzuzako herrira eraman du diziplina anitzeko artista, Ricardo Laspidea, eta proiektu artistiko parte-hartzailea garatuko du, udalerriko funts dokumentaleko irudiak eta ikus-entzunezko materiala erabiliaz. Herriko bizilagunek hautatutako materialarekin, Landarteren hirugarren edizioko parte-hartzaileek iraganaren eta orainaren arteko zubi-lana egingo duen proiektu grafikoa/fotografikoa burutuko dute, eta artistak proposaturiko alderdiak edo gaiak interpretazio garaikidearekin aztertu ahal izango dira; hala nola, herria eta ingurunea (nola aldatu den), bertako jendea (alderdi soziokulturala, ohiturak), emakumea eta berdintasuna (bere horretan mantentzen diren alderdiak eta aldatu diren alderdiak), lanak (herriari nortasun propioa eman dioten lanak, ekonomia, biztanleak,… ikaztegiak, karobiak, zelaia) edo bizitza pribatua (familia eta arbasoak bezalako barruko ikuspegitik).

Azken emaitzan, erakusketako euskarri tradizionaletatik lekuko elementu arkitektonikoren batera igaroko dira irudiak modu etengabean. Baldosak, eraikinak, hormak, e.a., guztiek euskarri moduan balioko dute obra herriaren errealitatean integratuta egon dadin.

Proiektu honetan, herriko biztanleak, lehengoak eta oraingoak, atera den obraren sortzaileak dira. Izan ere, Abartzuzan iraganean, garaiko irizpide estetikoekin eta begiradarekin beste pertsona batzuek ateratako argazkiak izango dira abiapuntu. Aldiz, hautapen-prozesuaz eta azken obraz egungo biztanleak arduratuko dira, artistak gidatuta. Beraz, esan daiteke proiektua duela hamarkada batzuek edo baita mende bat ere hasi zela, aurreko bizilagunek atera baitzituzten lan honetan egongo diren argazkiak, eta esku-hartzearen funtsezko zatia dira. Hausnarketa eta banako nahiz taldeko memoriaren ariketa honekin, Abartzuzak eta Ricardo Laspideak adierazpen handienera eramango dute memoriaren kontzeptua, Landarte 2019ren hari gidaria.

 

RICARDO LASPIDEA (Iruña, 1972-10-21)

Diziplina anitzeko artista honek bere sormen artistikoa landu du hizkuntza oso ezberdinen bitartez. Laspidearentzat eskultura, pintura, argazkigintza, instalazioak, perfomanceak, arte digitala, net art,… haien artean definitu gabeko mugarik gabeko adierazpenak badira ere eta zehazteko zailak diren hizkuntza mistoak sortuaz elkarrekin bizi diren arren, esan daiteke haiek guztiak landu dituela beti obra egituratzen duen kontzeptuaren arabera. Gaur egun, haren obran gehien dauden prozedurak argazkiak eta horien manipulazioa dira edota irudi digitala zentzu zabalean.

Obraren eta ibilbide artistikoaren zatirik handiena jaioterritik kanpo garatu du, eta haren lanak Bartzelona edo Madril bezalako hirietan eta Austria, Txekia edo Italia bezalako beste herrialdeetan erakutsi dira. Bartzelonan bizitu izan zen bitartean, irakasle izan zen urte askotan arte, diseinu, argazki edo komunikazioko eskola askotan, batez ere Goi Mailako Ikasketetan edota Bartzelonako Arte Ederren Fakultatean. Kolaboratzailea izan da argazkigintzan edo irudi digitalean espezializatutako aldizkarietan. Gaur egun, diseinu, argazkigintza eta tailer sortzaileko bere enpresan egiten du lan, Artenea Estudioan.

 

ESTEKAK:

https://www.instagram.com/ricardo_laspidea/

http://www.artenea.com/