Zuñiga
Zuñiga
*Z*ENTRO Lankidetzako hormairudia
Zuñiga eta Verónica Werckmeister lankidetzako muralen inguruan elkartuko dira berriz

Zuñigak 2018ko Landarten parte hartuko du berriro ere, Verónica Werckmeister artistarekin batera. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren arte eta landatartasun programaren bigarren edizio honetan iazko esperientzia errepikatu dute eta beste mural bat margotuko dute, herriko Biltokiko hormetan oraingoan.

Zuñiga 2017an batu zen Landartera, Verónica Werckmeister lankidetzako muralen artistarekin. Herriak 2012an izan zuen lehen aldiz sortzaile horren laguntza gune narriatuen eraldaketa eta gizarte-kohesioa uztartzen dituen lan bati ekiteko. Herritarrei aunitz gustatu zitzaien esperientzia hura eta, beraz, Landarten duten proiektuaren ardatz nagusia bilakatu da.

2012an Zuñigako pilotalekuko hormak bihurtu ziren mural; 2017an, berriz, Biltegiko paretak margotu ziren eta 2018 honetan, azkenik, herriko Biltokiaren kanpoaldea eraberrituko da.

Aurreko edizioan bezala, herritarrak eta Gasteizen bizi den artista aurten ere batera arituko dira murala sortzen, eskarmentu handiko sortzailearen gidaritzapean. Gauzatuko duten prozesuaren helburua ez da soilik irudia bera izanen, baizik eta Zuñigako herritarren eta espazioaren gizatiartzearen arteko elkarrizketa ere.

Murala, denboran luze irautekoa, herriko monumentu bihurtuko da eta ondarea ezagutzera emateko bide ere bai. Izan ere, Verónica Werckmeisterek Zuñigako herrikideekin bi ertz hauek landuko ditu: tokiaren historiaren gaineko gaia eta pentsamendu artistiko eta berritzailea.

Zuñigan gauzatutako Landarte 2018 programaren laburpena.

Aurkezpenaren bideoa

Horma-irudiaren bideoa.

Verónica Werckmeister

Margolaria eta mural-egilea. Los Angelesen ekin zion muralgintzari, 1993an, SPARCen lan egin zuenean (Social and Public Art Resource Center zentroan). Mural publiko eta pribatuak margotu ditu Chicagon, New Yorken, San Frantziskon, Philadelphian, Bostonen, Bartzelonan, Gasteizen eta beste hainbat tokitan.

Artistaren lan pertsonala, kontzeptualki, eremu sozio-politikoan kokatzen da eta, formalki, kolorearen, ehunduraren eta figuratiboaren erakarmenean.

2001ean bere ahizpa Christina Werckmeisterekin batera, pintura eta interiorismo estudio bat ireki zuen Gasteizko alde zaharrean. Eta 2007an, Werckmeister ahizpek eta Brenan Duartek Gasteizko ibilbide muralistikoa eratu zuten, partaidetzarako eta sormenerako espazio ireki bat ematearren hiriari. 2007az geroztik, ekimen horrek eskala handiko muralgintza publikoko 12 lantegi garatu ditu Gasteizko hirigune historikoan, 500 partaide baino gehiagorekin. Horrez gain, hiriko ikastetxeetan eta lurraldeko landa-eremuetan ere egin dituzte muralak. 2013an muralgintza komunitarioko esperientzia hori Gasteizko Zaramaga langile-auzora hedatu zen, sortzaileen estudioa bertan egonik. Harrezkero, auzoan urtero-urtero sortu dira lankidetzako muralak.

 

www.vwerck.com

www.muralismopublico.com