Uharte Arakil
Uharte Arakil
IRAGANEKO USTEAK, ETORKIZUNEKO HAUSNARKETAK Argazkiak eta jarduera performatiboa
Uharte Arakilek sustraietan arakatzen du, eta etorkizuna iragartzen, argazkien bidez.

Landartek, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren arte eta landatartasun programak, Amaia Molineten proposamen artistikoa hurbilduko du Uharte Arakilera. Sortzaileak herriari buruzko argazki-narrazio kolektiboa eraikitzen lagunduko die egitasmoan parte hartu nahi duten bizilagunei.

Landarteko edizio honetan Uharte Arakilen eginen den proposamen hau Amaia Molinet artista plastikoaren ideia izan da. Molinetek eta herritarrek, kamerak eskuan dituztela, argazki-ibilaldia eginen dute herrian eta inguruetan. Aldez aurretik ibilbideak planifikatuko dituzte, eta guztien artean puntu garrantzitsuak eta esperientzia honetarako interesgarriak diren puntuak marraztuko dituzte mapa batean.

Proiektu honen bidez, Molinetek parte-hartzaileekin batera gogoeta egin nahi du herriaren etorkizunari buruz hausnartzeko bide alternatiboak izanik gogoan. Horretarako, tradizio errotuenei buruz eta desagertu daitekeen ondareari buruz hausnartzeko proposatzen du.

Hala, Uharte Arakilgo nortasuna balioetsiz, saiatuko dira irudiak eraikitzen asmatu nahirik zer aztarna mota utziko dituen landa herri batek geroaldian, horri buruz gogoeta egiteko eta etorkizuneko zibilizazioengan zer arrasto edo eragin utziko duten irudikatzeko.

Sormen lan horretan guztian, artistak argazkigintzaz dituen ezaupideak partekatuko ditu, begirada lantzeko eta tradizioa eta artea lotzen dituen esperientziaz gozatzeko. Proiektuko partaide guztiek erabili eta botatzeko argazki-kamera analogiko bat erabiliko dute, nork berea, eta negatiboak, esperientziaren egiaztagiriak, baliagarriak izanen zaizkie parte hartzaile guztien artean eraiki dezaten beren herriko iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko kontakizuna.

Egitasmoaren aurkezpen ekitaldia.

ARTISTAREN HAUSNARKETA LANDARTEZ ETA PROIEKTUAZ

 

Amaia Molinet

Arte Ederretako lizentziaduna eta Masterra Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan, EHUn; Errumaniako Cluj-Napocako Arte eta Diseinuko Unibertsitatean ikasitakoa da orobat. 2017an Eusko Jaurlaritzaren Eremuak Sormen Bekaren bidez egin du lan, baita Injuven ere, Espainiako Kultura Ministerioko Sormen Programan. Nafarroako Gobernuaren Arte Plastiko eta Ikusizkoen diru-laguntza jasotakoa da eta finalista izan da Premi Miquel Casablancas sariketan, Sant Andreu Contemporani programan (Bartzelona).

Banakako erakusketa nabarmenak dira, besteak beste, 2016ko Mugak, BilbaoArte Fundazioan; 2014ko Quercus Robur, Montehermoso Kulturunean, Gasteizen; eta 2011ko Fragile Human, Errumaniako Casa Matei Corvin-en. Taldekako azken erakusketa 2017an egin zuen, Nafarroako Museoan, “Ni, denetan okerrena” izenburupean.

https://amaiamolinet.com/bio/