NEURONA HORMAIRUDIA Hormairudia
Petilla Aragoik Ramón y Cajalen lan artistikoa interpretatuko du bi hormairudi irudikatzeko

Petilla Aragoik lankidetzako muralgintzari helduko dio Jabier Landaren eta 2018ko Landarteren eskutik. Herriko bi lekutan mural bana eginen dute, Santiago Ramón y Cajalen obran oinarriturik, zeina bertako herritarrik ospetsuena baita, Petilla Aragoin jaio baitzen 1852an. Marrazkiek Nobel saridunaren lana irudikatuko dute, bai neuronen pintore gisa, bai argazkilari gisa egin zuen lana.

Landartek, Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuko arte eta landatartasunaren programak, muralgintzako proiektu bat sustatuko du Petilla Aragoin Ramón y Cajalek neuronak margotzen eta argazkiak ateratzen eginiko lana irudikatzeko. Herriko auzokoek eta Javier Landa artistak nobel saridunaren lanaz eginen dute gogoeta eta, hausnarketa hori oinarri harturik, mural bat osatuko dute herriko bi hormetan.

2018ko Landartek ahalbideturiko proiektu honen bitartez, Jabier Landak gizarte kohesioa sendotzen lagundu nahi du, baita gune narriatuak onera ekartzen lagundu ere. Muralgintza parte-hartzailetzat jotzen dugu partaideen sormena bideratzen duen adierazpen artistiko bat, egiten den tokian luze irauten duena, lan hori ahalbidetu dutenak harro sentiaraziz, eta herriko monumentu bihurtzen dena.

Petilla Aragoin Landarte 2018 egitasmoaren laburpena

Landarte 2018 ekitaldiaren bideoa.

Dokumentu grafikoak:

http://www.nationalgeographic.com.es/ciencia/actualidad/una-muestra-con-dibujos-santiago-ramon-cajal-recorre-estados-unidos-canada_11187

http://www.bbc.com/mundo/noticias-39040007

Jabier Landa (Iruña1984)

Jabier Landak ospea lortu du hiri-artearen nazioarteko panoraman, nahiz eta bere eguneroko langintzan arte muralaz haratagoko alorrak lantzen dituen; diseinatzaile grafikoa, pintorea, ilustratzailea eta enpresaburua da. Landa Uharten bizi da gaur egun, baina Alemaniako zenbait hiritan bizitakoa da, hala nola Gottingen, Bremen edo Rheinberg-en; han erne zitzaion kaleko artearekiko maitasuna.

Artista honek beti esaten du bere lanak hiru arte-adierazpide handi dituela: horma, mihisea eta pantaila; hiru agerbide horiek bateratuz egiten du lan egunez egun.

Cantamañanas International Urban Art Festival jaialdiaren antolatzailea da eta oraindik ere uztartzen ditu Deltatec enpresako eguneroko lana eta atzerrira egin beharreko bidaiak, mundu zabalean ospetsuak diren marketarako lanak egiten baititu, besteak beste, Adidaserako. Jabier Landa Espainiako graffiti-egile eta kale-artista onenetakotzat jotzen da egun eta 6 sari baino gehiago irabazi ditu nazioartean. Haren lanak mundu zabaleko 20 arte-jaialdi baino gehiagotarako aukeratuak izan dira.