Iguzkitza / Azketa
Iguzkitza / Azketa
AZKETAR KUADRIBEKTOREA Bideoartea
Azketako gazteek beren irudia erabiltzen utziko dute 3D-n inprimatzeko eta haien arbasoen argazkiei kontrajartzeko.

Martin Etxauri Sainz de Murieta, Txo, Iguzkitza – Azketara dator 2018ko Landarteren eskutik. Artista horrek herriaren iraganaz, orainaz eta geroaz hausnartuko duen obra bat sortzea proposatu du Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren arte eta landatartasun programaren barnean.

Martin Etxauri Sainz de Murietak eta Iguzkitzako herritarrek instalazio birtual bat sortuko dute, gune digital bat; bertan bateratu eginen dira herri zaharrak eta erraldoi gisako batzuk, gazteen belaunaldia irudikatuko dutenak. Bi osagai horien arteko harremana da piezaren adierazlea, hortxe dautza artistak 2018ko Landarterako proposatu dituen tenka, gogoeta eta hausnarketa, Iguzkitzako Udaleko lau herriekin elkarlanean burutzekoak.

Instalazio birtuala gauzatuko da, batetik, hiru dimentsioko eskultura bat eginda (3D inpresioko teknikez eratua), eta bestetik, ikus-entzunezko obra bat prestatuta. Obra honek erlatibitate eta hausnarketa bektore batekin lotu nahi ditu herriko garai zaharrak, irudikatuko direnak Iguzkitzako Udaleko herritarren laguntzaz bilduko diren argazki zaharren gainean eraikitako eredu baten bidez, eta gaurko egunak eta etorkizunekoak, oraingo gazteriaren irudiak baliatuz eratuko direnak, herriko gazteen 3Dko eskaneatuak erabiliz.

Oraingo gazteen eta herri zaharraren irudikapenen arteko harremanak beteko du edukiz eta esanahiz eskultura. Horrez gain, harreman hori herriko gazteekin ere landuko da, haien zalantza, asmo eta gogoetek taxutu dezaten fisikoki eta kontzeptualki hala harreman hori, nola obra bera.

Azketako tunelean buruturiko aurkezpenaren bideoa.

Txok buruturiko ikusentzunezkoa. Bertan argazki zaharrak, abesbatza eta eskulturaren irudiak elkartzen ditu, artelan ederra sortzeko.

 

Martin Etxauri Sainz de Murieta aka Txo!

Arte Ederretako lizentziaduna, Masterra Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan eta doktoregaia Arte Garaikideko Ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitatean; prestakuntza autodidaktika etengabean. Ikus-entzunezko artista eta bideo jockeya izateaz gain, ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa eta web-diseinatzailea ere bada.

Zuzeneko performanceak egiten ditu, baita ikus-entzunezkoen proiektuak, instalazio interaktiboak eta grafiko sortzaileak ere, mundu digitalaren alorrean beti. “Ignis Fatuus” da haren azken lana, ikus-entzunezko performance zuzen-zuzeneko bat.

Teknotrakitana arte eta teknologiako taldearen eta VJs Dropezframes taldearen bazkide sortzailea da, diziplinarteko proiektuen alderdi bisualaren arduradun izan ohi da mapagintza, live coding-a, musika garaikidea, klasikoa eta/edo jazza edo dantza uztartzen dituzten proiektuetan.

Video Jockey aritu da musika estilo ezberdinetako zenbait jaialditan edo talde edo DJekin batera hiri aunitzetan, hala nola Tokio, Berlin, Mexiko, Venezia, Madril edo Bartzelonan. Gaur egun, bere jardun artistikoarekin batera, hitzaldiak eta lantegiak antolatzen ditu, baita diseinu eta ilustrazio arloko enkarguez arduratzen ere.

http://www.elurmaluta.net/home